UEMAren “Bertatik bertara” egitasmoarekin bat egin du Udalak

2022/06/24
Card image cap
Bisitariei eta zerbitzuen sektoreari euskararen garrantzia ikusarazteko kanpaina da

  UEMAk dozenaka udalekin eta garapen agentziarekin batera ondu du Bertatik bertara kanpaina. Helburua da udan bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera eta erabiltzera animatzea.

  Oñatiko Udalak, aurten hirugarrenez, Bertatik Bertara izeneko kanpainarekin bat egin du, zerbitzuen sektorean euskara sustatzeko. Udaleko Euskara eta Turismo departamenduek elkarrekin egingo duten kanpainak irailaren erdialdera arte iraungo du eta euskara oinarri duten mahai-gainekoak eta hiztegitxoak izango ditu euskarri.

  Kanpaina aurrera eramateko baliabideak Udalak eskainiko dizkie ostalariei eta bisitariei. Tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai-gainekoak, zerbitzuen sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, edota bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegitxoa daude, besteak beste. Iaz bezala, 10.000 mahai-gaineko banatuko ditu herriko tabernetan eta jatetxeetan.

  Bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren berri eman nahi da kanpaina honetan, euskara bera bisitatzen ari diren herriaren nortasunaren ezaugarria ere badela nabarmenduz. Era berean, kanpainaren berri emateko spota prestatu du UEMAk eta mahai-gainekoetan txertatu dira, QR kode bidez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!